MAISUEN ARTEKO ELGOIBARKO NAZIOARTEKO XXIII. XAKE TXAPELKETA.

(SUSTAPENERAKO TXAPELKETA).

(2013ko abenduaren 15etik 21era, Elgoibarren).

 
 
 

         DANIEL ALSINA LEAL (2.542), LEHENENGOA 6’5 PUNTUZ: GARAIPENEN BIDEAN SARTUTA.

 

            Daniel Alsina Leal Bartzelonan jaio zen 1988ko maiatzaren 10ean. 25 urte ditu.

 

            Miguel Illescas Xake Eskolan ikasle nabarmena izan zen. Urte honetako martxoaren 30ean Donostia Hiria Nazioarteko XXXVI. Xake Torneo Irekia irabazi zuen.

 

            Elgoibarren 4 garaipen eta 5 berdinketa lortu zituen. Gustavo Barrenetxea eta Angel Arribas gainditu zituen hirugarren eta laugarren txandetan. Azkeneko txanpan bere garaipena ziurtatu zuen, Alejandro Franco (zazpigarrenean) eta Oleg Romanishin (azkenekoan) garaituta.

 

            10’9 puntutan hobetu zuen bere eloa. Bere xake ibilbideko unerik gozoenean dago.

 

         CRISTHIAN CRUZ (2.549), BIGARRENA 6 PUNTUZ: GORUNTZ DOAN GAZTEA.

 

            Cristhian Cruz perutarra faborito nagusia zen eta torneo osoan sailkapeneko lehenengo postuetan ibili zen. 21 urte bete ditu 2013an.

 

            5’1 puntutan hobetu zuen bere eloa, orain arteko bere sabaia izanen dena. Horretarako, 3 garaipen eta 6 berdinketa eskuratu zituen. Gustavo Barrenetxea, Angel Arribas eta Aleksa Strikovic garaitu zituen. Hala ere, Daniel Alsinaren eraginkortasuna ez zuen berdindu.

 

         TANGUY RINGOIR (2.506), HIRUGARRENA 5’5 PUNTUZ: GAZTEENAK GALDU GABE BUKATU ZUEN.

 

            2012ko eta 2013ko Belgikako txapeldunak 19 urte ditu soilik. Eloko 5’6 puntu irabazi zituen Elgoibarren. Gora eta gora doan gaztea da, baina azaroan 2.514 puntuz izan zuen bere unerik onena.

 

            Bi garaipen eta 7 berdinketa egin zituen. Alejandro Francori eta Gustavo Barrenetxeari irabazi zien. Azkeneko txanpan ez zuen erakutsi Daniel Alsinaren indar hori.

 

         DRAGAN PAUNOVIC (2.500), LAUGARRENA 5’5 PUNTUZ: BETERANO HONEK ERE GALDU GABE AMAITU ZUEN.

 

            Maisu Handi serbiarrak 52 urte ditu. 2.559 puntuz zebilen 2010eko irailean. Euskal Herrian nahiko arituta den xakelaria dugu.

 

            6’5 puntuz hobetu zuen bere eloa, 2 garaipen eta 7 berdinketa egin ondoren. Laster jarri zen buruan Gustavo Barrenetxea eta Angel Arribas bigarren eta hirugarren txandetan gaindituta. Gero, ez zuen aukerarik aurkitu sailkapena hobetzeko eta berdindu egin zuen azkeneko 6 partidetan.

 

            ALEKSA STRIKOVIC (2.529), BOSGARRENA 5 PUNTUZ: CRISTHIAN CRUZEK KOLPEA EMAN ZION.

 

            Serbiar hau ere nahiko ezaguna da Euskal Herrian. Honek ere 52 urte ditu. 2.573 puntu izan zituen 2011ko uztailean. 2’3 puntu galdu zituen Elgoibarren.

 

            Lehenengo zazpi txandetan 2 garaipen pilatu zituen (David Astasio eta Gustavo Barrenetxea Euskal Herriko xakelarien aurka). Zortzigarrenean titulurako lehian sartuta zegoen, Cristhian Cruz perutarra aurrez aurre zuenean. Partida hori, ordea, galdu egin zuen eta zertxobait atzeratuta geratu zen sailkapenean.

 

            DAVID ASTASIO LOPEZ (2.397), SEIGARRENA 4’5 PUNTUZ: NAZIOARTEKO MAISU IZATEKO NORMA IZAN ZUEN SARI.

 

            Torneo gogoangarria egin zuen 26 urteko arabarrak. Ondorioa: Nazioarteko Maisu izateko normaren jabe amaitu zuen.

 

            10 puntutan hobetu zuen eloa. Euskal Herriko lehenengo jokalaria izan zen. Hala ere, Alejandro Francok galarazi zion lana biribiltzea azkeneko txandan nagusituta. Aurretik, bigarren txandan, Aleksa Strikovicen aurka galdu zuen. Oleg Romanishin eta Gustavo Barrenetxea izan ziren berak garaitutakoak.

 

            ALEJANDRO FRANCO ALONSO (2.485), ZAZPIGARRENA 4 PUNTUZ: HIRU PARTIDA JARRAIAN GALDU ZITUEN.

 

            Gipuzkoan bizi den madrildar honek 31 urte egin ditu 2013an. Ez zuen torneo ona egin eta 6’5 puntu galdu zituen eloan. Eskerrak azkeneko partidan David Astasio gainditu zuen!

 

            Hasi ere ondo hasi zuen, Angel Arribasi irabazita. Seigarren txandan, ordea, bere gurutzebidea abiatu zuen. Hiru partida jarraian galdu zituen, Tanguy Ringoir, Gustavo Barrenetxea eta Daniel Alsinaren aurka.

 

            Oroitzapen ona ez dio ekarriko torneo honek, baina beti izan da ongi aritu.

 

            OLEG M. ROMANISHIN (2.495), ZORTZIGARRENA 3’5 PUNTUZ: TORNEO ESKASA EGIN ZUEN.

 

            61 urterekin xakelaririk beteranoena zen jokalari ukraniar hau. Gaizki hasi zuen torneoa eta era berean amaitu. Bosgarren txandan, Elgoibarko Gustavo Barrenetxearen aurka lortu zuen garaipena. Gainontzeko txandetan, berdinketak eta porrotak pilatu zituen. David Astasio, Angel Arribas eta Daniel Alsina izan ziren bere borreroak.

 

            Ondorioa: 12’5 puntu galdu zuen eloan.

 

            ANGEL ARRIBAS LOPEZ (2.488), BEDERATZIGARRENA 3 PUNTUZ: ELO GEHIEN GALDU ZUENA.

 

            20 urte egin ditu 2013. urtean espainiar honek. Gehiago espero zen berarengandik baina, agian, eskarmentu falta nabaritu zuen. Eloan 16’6 puntu galduta, balantzerik txarrena eraman zuen etxera.

 

            Lehenengo 4 partida galdu zituen eta zama horrekin aritu behar izan zuen gero. Hurrengo bost partidetan, garaipen bat (Oleg Romanishinen aurka) eta lau berdinketa egin zituen. Alejandro Franco, Cristhian Cruz, Dragan Paunovic eta Daniel Alsina izan ziren hasiera txar horren erantzuleak.

 

            GUSTAVO BARRENETXEA BAHAMONDE (2.221), HAMARGARRENA 1’5 PUNTUZ: AUSARTA IZAN ZEN ETA ELOA MANTENDU ZUEN.

 

            42 urteko elgoibartar hau oso ausarta izan zen torneo honek suposatzen zuen erronka onartzean. Eloan hurbilen zuen jokalaria (David Astasio) 178 puntura zuen eta hurrengoa (Alejandro Franco) 264 puntura.

 

            Musikaria da bere lanbidea eta Sevillan bizi da orain dela 20 urtez geroztik. Zaleak berekin izan zituen baina, hala ere, lehenengo zazpi partidak galdu zituen. Hondamendia saihestea erdietsi zuen, ordea. Zortzigarren txandan Alejandro Franco gainditu zuen (honen zoritxarrerako). Azkeneko txandan ere puntuatu zuen (berdinketa Angel Arribasen aurka).

 

            Oso txapelketa txukuna ez zuen egin, baina duina izan zen balantzea: Eloko 0’3 puntu galdu zituen.

 

            2013-12-21.

 

                Iturria: “http://chess-results.com/tnr119137.aspx?lan=2&art=2&turdet=YES&flag=30&wi=821” webgunea.